‘Europan’ egitasmoak proiektu berriak garatuko ditu hiru udalerritan

Arkitekto gazteei zuzendutako programa horren baitan bizitetxeetarako tipologia berriak esploratuko dira

Donostia. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak proiektu berriak garatuko ditu Lasarte-Orian, Beizaman eta Eibarren. Egitasmo horiek guztiak, profesional gazteei zuzendutako eta Europan izena duen arkitektura eta hirigintza lehiaketaren azken edizioetan aukeratu zituzten.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean gogora ekarri duenez, arkitektura talde gazteak benetako jarduera publikotan lanean jartzea du helburu egitasmo horrek, eta egoitza tipologia berriak probatzeko aukera eskainiko du. “Europan programak kokaleku konplexuei heltzeko aukera eskainiko digu, bizitegi-tipologia berriak esploratu, ekoizpen- eta komunitate-espazioak sortu eta profesionalen belaunaldi berriei aukerak ireki asmoz”, azpimarratu zuen Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak.

Bere hitzetan, “behin egindako eraikinera etorri eta bertan jendea bizitzen hasitakoan hartzen du benetako balioa berrikuntza arkitektonikoak. Prozesu luze horretan talde irabazleei laguntzeko konpromiso irmoa hartu dugu, hasierako proposamenetik eraikinak altxatzeraino”.

Tarte+Ele taldearen Lasarte-Oriarako Common Node proposamenak Europan 15eko lehen saria lortu zuen. Proiektu horretan babes publikoko 100 etxebizitza produktibo planteatzen dira, etxean bizitzea, lan, sormen edo zaintzarekin lotutako jarduerekin bateragarri egingo duten espazioak dituela. Prozesua 2018an hasi zen; aurrena kokalekua topatu eta lehiaketaren 2019ko deialdian aurkeztu zuten. Talde irabazlea 2022an kontratatu zuten, eta proposamen hutsa zen hark, etxebizitza sozial produktiboaren aitortza jaso zuen ondoren. “Plangintzan aurreikusita dagoenez, 2026an hirigintza onarpena eskuratu eta eraikuntza proiektua osatu nahi ditugu, 2027an obrak lizitatu, eta 2029 inguruan amaituko genuke sustapena”, azaldu zuten.

Beizamaren proiektuari erreparatuz, OE Grup taldearen Ongi etorri proiektua irabazle izan zen Europan 16ko deialdian. Alokairuko hamabi etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusten dute, eta hauek ekoizpen instalazio kooperatiboak izango dituzte. “Talde hori ere 2022an kontratatu zen, plangintza 2023an onartu, jarduketak 2024an jaso zuen etxebizitza babestu izateko behin-behineko kalifikazioa, eraikuntza proiektua 2025ean onartu zen, eta obrak 2026an lizitatzea aurreikusita dago; 2028an sartzeko moduan egotea espero dugu”, zehaztu zuten.

Eta azkenik Eibarren, herriko Txontan dagoen AIBE eraikin industriala 40 zuzkidura-bizitokitan eraldatzeko aukera eskaini du Europan 17k. Irabazle izan zen taldea 2025eko urtarrilean kontratatu zen, plangin-tza maiatzean onartuta zegoen, eta lanak bizkortuz, abenduan hirigin-tza lizentzia eskatzeko moduan ziren. “Eraikuntza proiektuaren onarpena 2026ko azarorako dago aurreikusita, obren lizitazioa 2027rako, eta eraikuntza lanak 2028tik 2029ra bitartean amaitu nahi dituzte”, aipatu zuten.

Gipuzkoan burutzekoak diren hiru proiektu horiez gain, bada beste bat Gasteizen. Hautatutako taldea 2026an kontratatu da, eta irailetik abendura bitartean hitzarmen prozesu bat garatuko dute jabe partikularrekin eta Ensanche 21ekin, Bustaldeako bost blokeetan eragiketa bateratu bat burutzeko helburuarekin.